Denbbora Sarearen lehenengo gosari informatiboa
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dute ekimena. Honek denboraren gestioaren berrikuntzaruntz, enpresen gestioa, berdintasun-balioak, emakumeen kristalezko sabaiaren haustura eta langileek norbere bizimodua, lanekoa eta etxekoa uztartzea lantzeko aukera ematen du.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Arteche, Artez, Eroski, Euskaltel, Murgibe, Mutualia, Torrezuri, Virtual Ware eta Zubietxe enpresekin eta Bilboko Merkataritza Ganbera, Innobasque, Euskalit eta AED enpresa laguntzaileekin batera, parte hartu dute gaur goizean denBBora sarearen garapenari buruzko informazio-topaketan.
Topaketa honetan parte hartu duten erakundeek, entitate laguntzaileek eta enpresa pribatuek urratsak ematen segitzen dute gizarte eta lan-arloko harreman berriak sustatzeko, norbere bizimodua, lanekoa eta etxekoa uztartzeko, guraso biek ardurak banatzeko, denboraren erabilpen-motak lantzeko eta genero-berdintasuna lortzeko. Topaketan parte hartu dutenek, besteak beste, gai hauek landu dituzte: denboraren gestioa, enpresen gestioa, berdintasun-balioak, emakumeen kristalezko sabaiaren haustura, enpresetako berrikuntza-balioak eta norbere bizimodua, lanekoa eta etxekoa uztartzea.
Gizartean aldaketa sustatzea
Gizartearen antolaketan aldaketak sustatzen dituzten eta aldi berean eguneroko bizimoduko denboraren gestio beharrak asetzen dituzten denboraren gestioaren eredu berriak definitu beharra da Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako sarearen oinarria.
Dena dela, sektore pribatuaren rola ezinbestekoa da, ez bakarrik herritarren bizi-kalitatea hobetu dezaten proposamenen ekarpena egiteko, baizik eta esperientzia eta praktika onen katalogoa egiteko ere; hain zuzen, Bilbo eta Bizkaia gizartearen berrikuntzako agertokian jarri dituen ekimen honekin beste enpresa batzuek ere bat egiteko.
Denboraren gestioaren eredu berrien definizio honetan sektore pribatuaren rola funtsezkoa da eta denBBora sarea sortzean xede bi egon ziren: alde batetik, arlo honetan gauza berriak egiten ari diren enpresen topaketa erraztea eta, bestetik, oraindik holakorik egin ez duten enpresei praktika eta esperientzia onen katalogo bat eskaintzea.
Horrela, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia denboraren erabileren arloan europar ekimenekin bat egin dute. Ekimen horien adibideak dira Frantziako Tempo sarea eta Bartzelonako NUST sarea. Horiekin lankidetza estuan ari dira lanean bizkaitar administrazio biak.