Zer da denBBora Sarea?
DenBBora sarea lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatua, erakundeetan aldaketa kulturala sustatzeko, denboraren erabilera osasungarriagoa, berdintasunezkoagoa eta eraginkorragoa izan dadin, lana, familia, bizitza pertsonala eta bizitza soziala uztartzeko eta erantzunkidetasuna errazteko asmoz.
Sarean lan egiteko gune bat eskaintzen dugu, denboraren erabilera sozialean arrakastaz lan egiten ari diren enpresa edo erakundeen ezagutza, esperientzia eta jardunbide egokiak berritzeko eta trukatzeko, prozesu hori bultzatu edo indartu nahi duten beste batzuentzat inspirazio-iturri izan baitaitezke.
Sare horrek errealitate aldakorra eta pertsonen denboraren antolaketaren inguruan etengabe sortzen diren premia eta ekimen berriak behatzen laguntzen digu. Hori lortzeko, ezagutza partekatzen duten eta hausnartzeko eta sentsibilizatzeko guneak sortzen dituzten analistekin eta adituekin lankidetzan ari gara, azterlan frogagarrietatik, argitalpenetatik eta eztabaida-aukeretatik abiatuta.
Sareak elkarrizketa-foroak, lan-jardunaldiak eta topaketa kolektiboak proposatzen ditu, erakunde parte-hartzaileen aurrerapenak eta ekimenak bistaratzeko eta partekatzeko, ahalik eta eragile gehien inplikatuz: arduradun publikoak, herritarrak, enpresak, erakundeak, etab.
Zer esan nahi du “denboraren erabilera soziala” terminoak?
Denboraren kudeaketa funtsezko elementua da kohesio sozialari, bizi-kalitateari eta jasangarritasunari buruz ari garenean. Badakigu denbora modu desberdinean gozatzen dela hainbat inguruabarren arabera, hala nola gure ohiko jarduera, adina edo generoa.
Erronka da laneko bizitzaren, bizitza pertsonalaren eta familiarraren arteko harremana harmonikoa eta bidezkoa izatea.
Azelerazio digitalaren moduko fenomenoek aldatu egin dute lanari eskaintzen diogun denbora eta bizitza pertsonala eta familiarra mantentzeari eskainitako denbora kudeatzeko modua. Denboraren kudeaketan berrikuntzak egiteko gai diren erakundeek bakarrik izango dituzte gizartean jada gertatzen ari diren eraldaketa sakonei aurre egiteko baldintza hobeak, produktibitatearen eta ongizatearen arteko oreka kontuan hartuz.
Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia denboraren erabileretan berrikuntza sozialeko prozesuetan inplikatuta dauden bi erakunde dira, eta, denBBora sarearen bidez, erakundeen artean ezagutza eta esperientziak trukatzea errazteko proposamena egin dute, betiere xedea izanik erakundearen, bezeroen, langileen kolektiboaren eta jarduera garatzen duten gizartearen aldeko erabakiak hartzea. Eta, aldi berean, berrikuntza horrekin konprometitutako erakunde eta enpresei aitormena egitea.
Aurkezpen instituzionala
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren eskubide gisa ulertzen dugu denboraren kudeaketa, eta gizarte-antolamenduan aldaketak sustatuz erantzun behar diogu eskubide horri, helburua izanik betiere pertsonen eguneroko bizitzako beharrak asetzea, eta proposamenak egitea haien bizitzaren kalitatea hobetzeko eta Bilbo eta Bizkaia agertoki sozialki berritzaile gisa definitu ahal izateko, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan oinarrituta.
Denboraren erabileren berrikuntza eta kontziliazioa bat datoz enpresa-paradigma berri baten definizioan; paradigma horretan, erakundeak lehiakorragoak izango dira aldaketa-prozesuetan murgilduz eta bidea eginez helburu hauek lortzeko bidean: langileen autonomia handiagoa, hierarkia apaltzea, lan-ordutegien malgutasun handiagoa, balioaniztasun handiagoa eta lanpostuak txandakatzeko aukera zabalagoa.
Premisa horretatik abiatuz, denBBorako partaide diren erakundeek Berdintasunetik eta aniztasunetik kudeatzen dute, bat etorriz bikaintasunarekin, ezagutzaren kudeaketarekin eta etengabeko hobekuntzarekin.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde horien aitortza nahi ditugu, eta erakunde eta enpresa publiko eta pribatuen artean ezagutzaren eta esperientzien trukea bultzatu nahi dugu, betiere xedea izanik erakundearen, bezeroen, langileen eta jarduera garatzen duten gizartearen aldeko erabakiak hartzea.
Sarearen lankidetza publiko-pribatuari esker eta analista eta adituen parte-hartzearen bitartez, ezagutza, gogoeta eta sentsibilizazioa bultzatzen ari gara, bai eta gizarte jasangarriago eta bidezkoago baterantz aurrera egiten ere.
Erronka berri horretan parte hartzera animatzen zaituztegu.