Logo Denbbora

Denbbora Sarearen XII. Jardunaldiak: denboraren kudeaketa osasungarriago, erantzunkideago eta jasangarriago baten alde

2026ko ekainaren 16a

Joan den ekainaren 12an Denbbora Sarearen XII. Jardunaldiak egin ziren Bilboko Yimby gunean. Pertsonen, erakundeen eta gizartearen ongizatean denboraren erabilerek duten eraginaren inguruan hausnartzeko, ikasteko eta esperientziak partekatzeko topagunea izan zen.

Jardunaldian Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari instituzionalak izan ziren. Itziar Urtasun Jimeno, Berdintasun eta Jaietako zinegotzia, eta Jone Larrazabal Hervias, Bilboko Udaleko Jaietako eta Berdintasuneko zuzendaria; Teresa Laespada Martínez, Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatua, eta Trinidad Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusia.

Teresa Laespada – Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatua

Itziar Urtasun – Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotzia

Jardunaldia Rosa Fernández-Villa Gutiérrez Metro Bilbaoko Giza Kapitaleko zuzendariak dinamizatu zuen, eta Georgina Monge López (Bartzelonako Udala), Ana Guridi García (Mutualia) eta Iñigo Parga Orrantia (Bizitegi) hizlariek parte hartu zuten. Haien ekarpenek ikuspegi osagarriak eskaini zituzten erakunde publikoen, enpresa-erakundeen eta gizarte-eragileen ikuspegietatik.

  • Georgina Monge López. Bartzelonako Udaleko Genero zeharkakotasuneko teknikaria: «Zer da denboraren pobrezia eta zer eragin du gizartean eta lanean?».
  • Ana Guridi García. Mutualiako Prebentzioko arduraduna: «Denborak ere prebenitzen du: lanaren antolaketa eta laneko osasuna».
  • Iñigo Parga Orrantia. Bizitegiko Esku Hartzearen arduraduna eta Kontzilia taldearen kide: «Geure burua zaintzea zaintzeko: lan denborak eta ongizatea Bizitegin».

Hitzaldi eta esperientziek hausnarketa teorikoa eta praktika uztartzeko aukera eman zuten, eta agerian utzi zuten denboraren kudeaketa gero eta elementu estrategikoagoa dela erakunde osasungarriagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko.

Georgina Monge López: «Zer da denboraren pobrezia eta zer eragin du gizartean eta lanean?»

Iñigo Parga Orrantia: «Geure burua zaintzea zaintzeko: lan denborak eta ongizatea Bizitegin»

Jardunaldian landutako kontzeptu nagusietako bat denbora-pobrezia izan zen. Kontzeptu horrek pertsona batek bere denbora pertsonalerako egunean hiru ordu baino gutxiago izatea adierazten du; hau da, atseden hartzeko, aisialdirako, norbere burua zaintzeko edo gizartean parte hartzeko denbora nahikorik ez izatea.

Azpimarratu zen errealitate horrek bereziki eragiten diela emakume migratuei, sektore prekarioetan lan egiten duten pertsonei eta familia-zaintzako erantzukizun handiagoak dituztenei. Horrek erakusten du genero- eta gizarte-desberdintasunek denboraren banaketan eta erabilgarritasunean ere eragin zuzena dutela.

Denbora-pobrezia osasun fisikoan eta mentalean, ongizate orokorrean eta bizi-kalitatean zuzenean eragiten duen fenomenoa da. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa da zaintzen erantzunkidetasuna, ordutegi-malgutasuna eta lan-denboraren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka bidezkoagoa sustatuko dituzten politika publikoak eta antolakuntza-kulturak bultzatzea.

Era berean, jardunaldiak aukera eman zuen kontziliazioan edo lan-arriskuen prebentzioan soilik oinarritutako ikuspegi tradizionala zabaltzeko eta denborak pluralean ulertzeko ikuspegia txertatzeko: lan-denborak, atseden-denborak, zaintza-denborak, gizarte-partaidetzarako denborak eta bizitza pertsonalerako denborak.

Parte-hartzaileek partekatutako jardunbide egokiek erakutsi zuten denboraren kudeaketa hobetzeak onurak sortzen dituela bai pertsonentzat bai erakundeentzat ere: lan-giroa hobetzen du, ingurune osasungarriagoak sustatzen ditu eta lantaldeen konpromisoa eta inplikazioa indartzen ditu.

Denbbora Sarea erreferentziazko espazio gisa sendotzen ari da, erantzunkidetasunean, berdintasunean eta ongizate kolektiboan oinarritutako denboraren kultura berri bat sustatzeko.

Jardunaldira hurbildu ezin izan zineten pertsona, enpresa edo erakunde guztientzat, jardunaldiaren bideo osoa uzten dizuegu.