Logo Denbbora

DenBBora en Euskalit: Europako Astea 2026

2026ko urriaren 21a

BALIO FEMINISTETATIK GIDATZEN DUTEN ENPRESA JASANGARRIAK

Joan den urriaren 21ean, denBBorak EUSKALITen Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astean parte hartu zuen. Bertan, lidergo feministaren eta hura erakundeen kudeaketan aplikatzeko moduaren inguruan elkartzeko, hitz egiteko eta elkarrekin ikasteko gunea sortu zen.

Jardunaldian, denBBora Sareko erakundeetako ordezkariek beren esperientzia inspiratzaileak partekatu zituzten:

  • Izaskun Rekalde, ZUBIETXE-ko ordezkaria.
  • María Viadero Acha eta Susana Piera, MUGARIK GABE-ko ordezkariak.
  • Matxalen Laskibar, EMTESPORT-eko ordezkaria.

EROSKI-ko Marta Carazok gidatu zuen jardunaldia. Bertan, jarduera-eremuari, tamainari eta jarduerari dagokienez askotarikoak diren erakunde eta enpresetako lidergo feministaren esperientziak bildu ziren. Aniztasun horri esker, lidergoaren erronkak hainbat erakunderen errealitatetik aztertu ahal izan ziren, eta ikaskuntza partekatuak nahiz kudeaketa-eredu berdinzaleago, jasangarriago eta pertsonengan oinarrituagoetarantz aurrera egiteko aukerak identifikatu ziren.

Lidergo feminista, eraldaketa-prozesu gisa

Jardunaldiko hausnarketa nagusietako bat izan zen lidergo feminista ez dela helmuga bat, etengabeko eraldaketa- eta ikaskuntza-prozesua baizik. Kontua ez da soilik emakumeak erantzukizun-postuetan egotea, baizik eta erabakiak nola hartzen diren, boterea nola banatzen den, denborak nola antolatzen diren eta pertsonak nola zaintzen diren berrikustea.

Ildo horretan, talde parekide eta askotarikoak osatzeko bidean aurrera egitearen garrantzia nabarmendu zen.

Erakundeak eraldatzeko, ezinbestekoa da emakumeak erabakiak hartzen diren guneetan egotea eta beren ezagutzak, esperientziak eta ikuspegiak eskaintzea. Hala ere, gogorarazi zen emakumeak zuzendaritza-postuetan egoteak ez duela, berez, lidergo feminista bermatzen. Horretarako, berdintasunarekin bat datozen balioak, konpromisoak eta antolaketa-praktikak behar dira, eta erreakzio antifeministen aurrean erne jarraitu behar da.

Lidergo feministan aurrera egiteko gakoak

Partekatutako esperientzietatik abiatuta, funtsezko hainbat elementu identifikatu ziren:

  • Entzute aktiboa eta konfiantza. Pertsonek beren beharrak adierazteko, ideiak proposatzeko eta erabakietan parte hartzeko aukera izango duten inguruneak sortzea, elkarrekiko aitortzan eta errespetuan oinarrituta.
  • Zuzendaritzaren konpromisoa eta koherentzia. Jarraibide argiak izatea eta erakundeak gidatzen dituzten pertsonak berdintasunarekin, kontziliazioarekin eta denboraren kudeaketarekin lotutako politikekin bat datozela bermatzea.
  • Neurriak sistematizatzea. Hartutako konpromisoak prozeduretan eta eguneroko kudeaketan txertatzea, norbanakoen borondatearen mende soilik gera ez daitezen.
  • Esperimentazioa eta ikaskuntza. Neurri berriak probatzea, emaitzak ebaluatzea, hobekuntzak txertatzea eta ebaluazioa ikasteko aukera gisa ulertzea, ez soilik kontrol-tresna gisa.
  • Hausnartzeko eta eraldatzeko denbora. Hausnarketarako, entzuteko eta plangintzarako tarteak gordetzea, erakundeen berrikuntzak denbora eta ahalegina eskatzen dituela aitortuz.
  • Pertsonen zaurgarritasunari arreta jartzea. Lidergoaren erantzukizunak betetzearekin batera, erakundeetako pertsonen beharrak, egoerak eta zaurgarritasunak aintzat hartzea.

Balioetatik lan-politika feministetara

Beste ideia nagusietako bat lidergo feministaren printzipioak lan-baldintzetan eta kudeaketa-praktiketan txertatzeko beharra izan zen.

Horrek esan nahi du berdintasuna, erantzunkidetasuna, zaintzak eta denboraren antolaketa jasangarria egiturazko elementu gisa txertatuko dituzten lan-politika feministak garatu behar direla, eta ez neurri isolatu gisa.

Horretarako, ezinbestekoak dira zuzendaritza-taldeen inplikazioa eta etengabeko prestakuntza. Era berean, beharrezkoa da jarraipen-mekanismoak ezartzea, zer neurrik funtzionatzen duten, zer zailtasun sortzen diren eta zer aldaketa egin behar diren jakiteko.

Hausnarketa horiek garrantzi berezia dute gaur egungo nazioarteko testuinguru soziopolitikoan, feminismoaren eta berdintasun-politiken aurkako diskurtsoek erronka berriak sortzen baitituzte. Egoera horren aurrean, agerian geratu zen lortutako aurrerapenak sendotzeko eta babesteko, konpromisoei eusteko eta erakundeetatik bertatik eraldaketak bultzatzen jarraitzeko garrantzia.

Lidergo feministak konpromisoa, konfiantza, koherentzia eta ikasteko gaitasuna eskatzen ditu. Entzutea, esperimentatzea, neurtzea, berrikustea eta, batez ere, eraldaketak benetakoak eta jasangarriak izan daitezen beharrezko baldintzak sortzea dakar.

denBBoratik, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin ikasteko topaguneak sustatzen jarraitzen dugu, berdintasuna, erantzunkidetasuna eta pertsonen ongizatea eguneroko kudeaketaren parte izango diren antolaketa-ereduetarantz aurrera egiteko.